Szymon Nehring pianista ospetsua Chopin Zikloaren bigarren kontzertuaren protagonista izango da
Azaroaren 12an, ostegunean, 19:30etatik aurrera, Victoria Eugenia Antzokian. Sarrerak salgai https://www.donostiakultura.eus/es/entradas/nehring-szymon web atarian eta Antzokiaren leihatilan.
Donostia Musikak antolatutako 2026-2027 Chopin zikloaren bigarren kontzertua ostegun honetan, azaroaren 12an, ospatuko da Victoria Eugenia Antzokian, eta Szymon Nehring pianista poloniar ospetsua izango da protagonista.
Poloniako bere belaunaldiko talentu eta etorkizun handieneko pianista, Nehring da Tel Aviveko Arthur Rubinstein Nazioarteko Piano Lehiaketan Lehen Saria (2017) lortu duen poloniar bakarra. Horrez gain, 19 urte besterik ez zituela, Varsoviako Chopin Lehiaketa ospetsuko finalista izatea lortu zuen.
Bere ibilbide aberatsean, munduko areto nagusietan eman ditu kontzertuak, besteak beste, New Yorkeko Carnegie Hall-en, AIreko Elbphilharmonie-n, Zuricheko Tonhalle-n, Bartzelonako Palau de la Música-n eta Madrilgo Auditorio Nacional-en. Nazioarteko orkestra garrantzitsuekin ere aritu da (Varsoviako Filarmonika, Israelgo Filarmonika, Bamberg Sinfonikoa edo XVIII. Mendeko Orkestra) eta David Zinman, Pablo Heras-Casado edota Krzysztof Penderecki konpositore eta zuzendari handiekin lan egin du.
Chopinen errepertorioan aditu nagusietako bat izanik, Nehring Chopin konpositorearen lan guztiak biltzen dituen disko-proiektua grabatzen ari da azken urteotan. Donostiako emanaldi honetan birtuosismoz eta sentikortasunez betetako gauez gozatzeko aukera paregabea eskainiko du, eta bertan, Mazurkak entzuteko aukera izango dugu.






