Franz Schubert-en zikloari hasiera eman dio Donostia Musikak

Donostia Musikak, azken hiru urteotan programatu dituen ganbera-musika zikloei jarraituz, Franz Schubert konpositore austriar handiaren musika ezagutarazi nahi du 2023 urtean zehar.

Egitarauak ganbera-musika du oinarri, edertasun handiko generoa nahiz eta zoritxarrez gutxi programatzen den.

Eskainiko diren 4 zikloetan musikagilearen ganbera-musika famatuena entzun ahal izango dugu, baina indar berezia izango du pianorako egindakoak, Victoria Eugenia Antzokian eskainiko dena. Horrez gain, abestien zikloa (Lied) ere izango dugu Victoria Eugenia Antzokiko Sala Club Aretoan: emanaldi hauetan Schubert-en abesti politenak entzun ahalko dira, bere 3 ziklo ospetsuenak barne: WINTERREISE “NEGUKO BIDAIA” , DIE SCHÖNE MÜLLERIN “ERROTARI EDERRA” eta SCHWANENGESANG “ZISNEAREN KANTUA”.

Eskainiko diren beste bi zikloak berritzaileak dira. Lehena inteprete gazteei eskainita dago eta Antzoki Zaharrean eskainiko da: honetan, Musikeneko ikasle nahiz irakasleek Schubert-en ganbera-musikako hiru altxor interpretatuko dituzte. Azken zikloa bideo musikalena izango da eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargoan eskainiko da; bertan, Schubert-en operak, sinfoniak eta mezak ikus eta entzun ahal izango ditugu.

Azkenik, ohi bezala, Donostia Musikak Schuberten lanaulertzen lagunduko duen liburua argitaratuko du, abesti guztien (Lied) euskara zein gaztelaniako itzulpena eskainiz.